sábado, 18 de abril de 2020

Paradisuko sarbidea


Gaur, bihar, etzi hilko banintz, Jainkoak zeruan sartzen utziko lidake. Gaur goizeko gertakizun batek eman dit ziurtasun hori: errebelazio bat izan dut.



Mari etorri zait ohera. 4 urteko nire alaba txikia, etxean esnatzen lehena iratzargailurik gabeko egunetan. Atea irekitzen entzun dut,  ete bere urretsen hotsa. [1] Mari ohera sartu zait eta aurpegia musuz bete dit, lotan jarraitzen ote nuen konprobatzeko moduan. Txoritxo baten mokokada arinak dira bere musuak, ezpain goxo eta lehunek nire masailean zurruntasun punttu bat dute, lehorrak eta jostariak dira. Lo sakonean banego, ez ninduke esnatuko, hain baitira arretatsuak ostera.

 “Lo egiten jarraitu nahi dut, Mari”, esan diot eta beste aldera buelta eman dut ohean. Bera nire zentzuan jarri da, burukoa moldatu du eta bere gorputza nire formetara egokitu. Eta horrela gelditu gara: bera erdi esna, ni erdi lo.  

Errespetatu du Marik nire atsedena, eta bere arnasketa eta mugimendu txikiez kopainia egin dit egun berrirako sarbidean. Begi ireki berrien zirrikituak  Mariren aurpegiaz bete zaizkit argiarekin batera. Musu xirimiria isuri dit lepoa besarkatu bitartean. “Ama, altxatu nahi duzu?”

Hunkitu nau bere gorputzaren kofidantzak, nirekin egoteko gogoak, bere arreta eta zaintzak…

Eta pentsatu dut bizitza ere hori badela. Hainbat une perfektu. Haiek gozatzen jakin eta eskertzea. Eta haiek azalean uzten dizuten lurrinari ahalik eta luzeen eustea.

Eta otu zait Jainkoaren aurrean jarriko banindute, eta bizitzan probetxuzko zer egin dudan galdetuko balit, nire erantzuna hau izango litzatekela:

 - Nire alabaren musuak jaso ditut, gozatu ditut, eskertu ditut.

 - Alabak zurekiko adierazten duen maitasunak zutaz ondo hitz egiten duela esan nahi didazu?

- Ez, Andere txit gorena. Bere musuen magia ez da nik sortua. Musuak jaso ditut, besterik ez.

- Musukagarria zarela diozu?

- Ez beste inor baino gehiago.

- Orduan zer? Munduari azaltzen jakin al duzu? Idatzita utzi al duzu nonbait?

- Ez. Ezer inoiz idatzi badut, niretzat baino ez du interesik izan.

- Orduan zein da zure ekarpena munduan?

- “Jasopena” ekarpena baino, akaso.

- Jaso duzula eman baino? Benetan hori al da zure alde esateko duzuna?

- Jaso dudanaren dirdira irradiatu dut noizbait. Edertasuna leku xumeetan topatu dut. Horregatik ez dit harrotasunak bihotza usteldu. Hori da nire alde esateko dudan bakarra. Ateak irekiko direla uste dut, nik badakidalako xamurtasuna dela paradisurako sarbidea. 



-  


[1] Oharra: Peter Pan bezala hegan egiteko hauts majikoa ezezik pentsamendu alai bat eraman behar duzu burura, eta nik argi dut nirea: nire kumeen urratsen hotsa. Izan nire lau hanketako kume iletsuak, izan nire  bipedo txikiak.

No hay comentarios:

Publicar un comentario